Elgoibar Ikastolak STEAM Euskadi zigilua eskuratu du

STEAM I. Euskadi Sarien lehenengo fasea gainditurik, Elgoibar Ikastolako “Elektrizitatea poltsikoan” ekimenari esker Elgoibar Ikastolak STEAM Euskadi zigilua jaso du.

 

 

 

 

 


“Elektrizitatea poltsikoan” ekimenari esker Elgoibar Ikastolak STEAM Euskadi zigilua jaso du STEAM Hezkuntza sustatzeagatik.

Hala erabaki du sari horien Batzorde Teknikoak –Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Centro de Recerca per a l’Educació Científica i Matemàtica (CRECIM) zentroak eta Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziak osatutakoak–, sariketara aurkeztu diren 133 hautagai aztertu ondoren.

Elgoibar Ikastolak berrogeita hamar bat ikastetxe eta eragile sozioekonomiko biltzen dituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortutako STEAMsare programarekin bat egin zuen iazko ikasturtean.

STEAM Hezkuntzek (Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzen ingelesezko akronimoa) ikastetxe, enpresa eta eragile zientifiko-teknologikoen sare bat sortzeko helburua dute, eta Elgoibar Ikastolan azken urteotan abian den eraldatze pedagogikoa osatzera dator.

Programa horren bidez ikastolak, enpresak eta eragile zientifiko-teknologiko desberdinak elkarrekin lan egiten hasiak dira. Eragile gisa Elgoibar Ikastolak Berrikuntzaren Euskal Agentzia – Innobasquerekin eta IMH Makina-Erremintaren Institutuarekin batera ari da elkarlanean. 

Eragile horien bitartez, iazko ikasturtean Ikastolak Zamudioko Parkeko CIC EnergiGUNE enpresaren laguntza jaso du STEAM Euskadi Sarietan parte hartzeko. Elgoibar Ikastolak CIC EnergiGUNErekin elkarlanean asmatu duen ekimenak, “Elektrizitatea poltsikoan” izenekoa, eguzki indarra baliatuz mugikorrentzat karga sistema autonomoa lortzea du helburu.