Kontseilu Errektorearen Komunikatua

Kontseilu Errektoreak, 2020ko martxoaren 24an telematikoki egindako bilkuran eta zuzendaritzak eskainitako datuak aztertu ondoren, honako hau erabaki du:

Haur Hezkuntzako 0 urte eta 1 urtetakoen hezkuntza zerbitzua ez da kobratuko klaseak eten zirenetik aurrera, beraz martxoan egindako jardunaldia soilik kobratuko da. Jangelako eta zaintzako zerbitzuari dagokionez, beste hainbeste egingo da, eskainitako zerbitzua kobratuko da soilik. Printzipioz, apirilean era berdinean jokatuko dugu, eskola egunak bere horretan normalizatzen ez badira behintzat.

Ohiko hezkuntza zerbitzuan, HH2tik DBH4rako hezkuntza zerbitzuarekin jarraitzen ari garenez, hileroko kuotak mantetzea ikusten dugu, larrialdi egoera berezi honek iraun bitartean. Aurrera begira egoera aztertu, eta neurriak eta doikuntzak ikusi beharko dira, zerbitzua eman ala ez, hainbat gastu ez baitira desagertzen. 

Ikastolak bere esku duen guztia egingo du egungo egoera oker honek ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Elgoibar Ikastola Pedro Miguel Urruzuno Kooperatibaren administraziopean dago, eta sinisten du guztion elkarlanean eta konpromisoan. Eta hori horrela, aurrez aipatutako neurriarekin gure bazkideei laguntza eskaini nahiko genieke egoera honetan izan ditzaketen gastuak areagotu gabe. 

Horrekin batera, Errektore Kontseiluak erabaki du momentuz bertan behera lagatzea XXVII. Jose Gurrutxaga Krosa, aurrez XXIII. Pilota Egunarekin egin zuen bezala

Bestalde, Kontseilu Errektoreak denei bere eskertza eta animoak luzatu beharra sentitu du:

 "Bizi dugun egoera, zaila, bezain latzaren aurrean, Elgoibar Ikastolaren izenean eskerrak besterik ezin dizkizuegu eman.

Eskerrik asko gure ikastolako profesionalei, irakasle, zein mantenu zerbitzu desberdinetako eta administrazioko kide guztiei. Egiten ari zareten lana ezin hobea da, izugarriak zarete!

Eskerrik asko nola ez, gure kooperatibako familia-bazkideei. Mila esker egiten ari zareten ahaleginagatik. Zuen laguntzarik gabe, guzti hau ez litzateke posible izango.

Eskerrik asko azken batean, kalitatezko hezkuntza euskalduna zabaltzeko ahalegin honetan, gure bidelagun izaten ari zareten guzti-guztioi.

Eskerrik asko eta animo, guztion artean indartuta atera gaitezen bizitzen ari garen guzti honetatik”

Zaindu zaitezte, zaindu ingurukoak eta besarkada estu bat.

 

 P. M. Urruzuno Kooperatibako Kontseilu Errektorea (Elgoibar Ikastola)

Etiketak: