AZAROAREN 28AN, HEZKUNTZA EREDU PROPIOAREN ALDE

AZAROAREN 28AN, HEZKUNTZA EREDU PROPIOAREN ALDE

Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta, LOMCErii ezetz esateko eta hezkuntza eredu propioaren alde egiteko mobilizazio eguna izango da azaroaren 28a. Ikastolen Elkarteak bat egin du mobilizazio hauekin, eta iragan azaroaren 4an egindako prentsa agerraldian parte hartu du. Ikastolen Elkarteaz gain, atxikimendua adierazi dute baita ere, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek, Ikasle Abertzaleek, Hik Hasik, Urtxintxak eta Sortzen-ek.

Egunaren harira, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk iritzi artikulu hau idatzi du:

http://www.ikastola.eus/berriak/13621

Hauxe da kaleratu duten manifestua

Azaroaren 28an hezkuntza eredu propioa eraikitzeari ekingo diogu!

Hezkuntza eredu atzerakoi, merkantilista eta inposatua dugu. Ez zaigu gustatzen eta ez ditu gure beharrak asetzen. Espainiar eta frantziar sistemek asimilatuta gaituzte eta ez digute guk nahi dugun hezkuntza eredua eraikitzen uzten.

Eredu ezberdinak izango ditugu gutariko bakoitzak buruan, noski, hezkuntza ez baita proiektu homogeneoa. Hamaika kolorez margozten den proiektua da euskal hezkuntza, hamaika bizipenez eta hamaika ereduz. Baina bat gatoz gure herriak, Euskal Herriak, Hezkuntza Sistema Propioa behar eta nahi duela esaten dugunean, herritik eta herriarentzat, Euskal Herritik munduari begiratuko diona eta mundutik Euskal Herriari, aukera berdinatasuna oinarri ikasleak hezkidetzan heziko dituena.

Hori adierazi dugu, besteak beste, “Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta”n eta hori da guk ere egun hartzen dugun erreferentzietako bat. Gainera, gure hezkuntza eredu hori txikitik handira eraiki nahi dugu, ikastetxez ikastetxe, auzoz auzo eta herriz herri. Horretarako ere badugu hamaika aukera eta “Alternatiben Herria”n garatzea posible dela argi ikusi eta ikasi genuen urriaren 24an, Bilbon.

Gainera, argi utzi genuen iazko ikasturtean edozein inposaketaren aurrean, esate baterako, LOMCErekin. Nafarroako Txantrea auzoko itxialdiarekin hasi eta apurka apurka Hego Euskal Herrik ikastetxe mordo batean plantoa egitea erabaki genuenean. Hezkuntza komunitatea elkarlanean, azterketa atzerakoi, inposatu eta antipedagogiko horiei planto egin genien. Aurten ere horretara goaz. Berriz ere zorionak guztioi erakutsitako kemenagatik!

Ez dugu LOMCE nahi eta ez dugu LOMCE aplikatzen duten Gobernu eta mozorrorik nahi ere. Guk Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema Propioa nahi dugu. Egungo eredu arrotza gainditu eta gure hezkuntzaren gaineko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu, gure ikastetxe eta herrietatik. Horregatik, nekatuta gaude, inposaketei aurre egiten jarraituko badiegu ere, bada garaia gure hezkuntza eredua egunez egun eraikitzen jarraitzeko.

Eta horretara goaz, datorren azaroaren 28an Hego Euskal Herriko kaleetara irten eta inori ez ezeri itxaron barik gure hezkuntza eraikitzeari ekingo diogu: herri curriculumak eraikiko ditugu, propioak eta Euskal Herrikoak, euskalduntze osoa bermatuko duten hizkuntz proiektuak garatuko ditugu, hezkidetzan hezteko urratsak emango ditugu, jantokiak elikadura burujabetzaren filosofian guk geuk kudeatuko ditugu... eta abar.

Beraz, dei egiten diogu hezkuntza komunitateari eta baita herritar orori Hezkuntza Plataformen Topagunearen deialdiari jarraiki mobilizatu gaitezen. Hona mobilizazio egun nazionaleko deialdiak:

·         Araba – 17:00 – Kalejira – Foru Plaza (Gasteiz)

·         Bizkaia – 17:00 Kalejira – Zabalburu Plaza (Bilbo)

·         Gipuzkoa – 17:00 Kalejira – Boulevard (Donostia)

·         Nafarroa – 10:00 Asanblada Irekia + Elkarretaratzea – Biurdana Institutua (Iruñea)

 

Etiketak: