KiVa programa

KiVa ikerketetan oinarritutako eskola jazarpenaren aurkako programa da, Finlandiako Turkuko Unibertsateak sortu eta garatu duena, bertako Hezkuntza Sailaren eta Kultura Ministerioaren laguntzaz.

KiVa programaren eraginkortasuna frogatuta dago eskala handiko froga kontrolatu batean. Beste ikerlan batzuek KiVa Finlandiatik kanpo ere eraginkorra dela frogatu dute.

KiVa programak Krimena Prebenitzeko Europako Saria irabazi zuen 2009an, Artikulu Onenaren Gizarte Politikako Saria 2012an eta lau Sari Nazional 2008, 2010, 2011 eta 2012an.

PREBENTZIOA, ESKUHARTZEA ETA JARRAIPENA

KiVa-k bi eremu desberdinetan egiten du lan: prebentzioan eta eskuhartzean. Bietan modu eraginkorrean lan egiten duela frogatu da. Programak prebentzioa funtsezkoa dela ulertzen du, baina jazarpen kasuei ere aurre egin behar zaiela ez du ahazten. Horretarako, KiVa programak erantzun eraginkor, azkar eta sistematiko bat errazten duten baliabideak eskaintzen ditu; kontziente baita ez dagoela jazarpena errotik desagerraraziko duen prebentzio-ahaleginik.

Jarraipena ere ezinbestekotzat du KiVa-k, horregatik, eskolaren egoeraren eta denborarekin gertatzen diren aldaketen etengabeko jarraipena ere egiten du, online eskuragarri ditugun baliabideei esker. Baliabide horiekin eskola bakoitzari buruzko feedback-a ematen du urtero, zehazki, programaren ezarpenari eta haren emaitzei buruzkoa. 

Esan bezela, KiVa-n ekintza unibertsalak (prebentzioa) eta berariazkoak (eskuhartzeak) uztartzen dira. Ekintza orokorrak, hala nola KiVa curriculuma (ikasgaiak eta online jokoak), LHko ikasle guztientzat dira, eta eskola jazarpena prebenitzea dute helburu nagusi.

Berariazko ekintzak, berriz, jazarpen-kasu bat gertatzen denean erabiltzekoak dira. Horien jomuga jazarpenean erasotzaile edo biktima izan diren haur eta nerabeak dira, eta gainontzeko ikasleek biktimari babesa emateko duten ardura ere aintzat hartzen da. Kasu honetan, helburu nagusia jazarpen hori gelditzea da.

Esku-hartze hauek eskolako langileek jazarpen-kasu baten berri jakiten dutenean baliatzen dira. Horretarako, zentroak prozesu guztia bideratuko duen bertako langileez osatutako KiVa talde bat du, eta egoeran inplikatuta dauden ikasleekin banakako zein taldeko hizketaldiak egiingo dituzte. Horretaz gain, jokabide prosoziala duten ikaskideak biktimari laguntza eskaintzera animatzen dira.

Prozesu honetan ikasleen gurasoek ere lagunduko dute etxetik eskuragarri izango dituzten aholkuak eta pautak jarraituz. Garrantzi handia du ikasleen gurasoek jazarpen-egoera guztiak serio hartzea eta ikastolarekin lankidetzan jardutea.  Ikastolaren ekimenari konfiantza zor zaio, eta baita eskuhartzea burutzeko hartutako bideari ere. Seme-alabekin jazarpenari buruz hitz egin behar da, eta jazarpen horretan partaide izan ez daitezen eskatu behar zaie. Horretaz gain, adierazi behar zaie biktima babes dezatela eta, jazarpen-egoeraren bat ikusiz gero, heldu bati adierazi behar diotela.

Informazio gehiago